Oharrak:20 urte zituela hil zen 1936an
Jose Joakin, 20 urte zituela, 1936ko irailaren 2an hil zen, Andazarrateko frontean. Euzkadi egunkariko kronikan (1936-09-06) adierazten den bezala, Azkoitiko parrokia lepo bete zen, Jose Joakinen aldeko elizkizunak ikusteko. Loiola Batailoiko bere soldadu kideek formazio militarrean eman zioten azken agurra. Bertan izan ziren ere EAJ/PNV eta STV/ELAko zuzendaritzako kideak. Gerran erortzen zen EAJ-ko lehenengo kide eta gudaria zen.
Zoritxarrez, une horretatik aurrera, elkartasuna eta errekonozimendua bukatu egin ziren. Berehala urte beltzak eta gogorrak etorri ziren Jose Joakinen familiarentzat. Irainak, umiliazioa eta hainbat arpilatze eta harrapaketa pairatu behar izan zituzten. Tropa frankistak herrian sartu orduko hasi ziren Egurbide baserrian lapurretak eta arpilatzeak, inongo errespeturik gabe. Janariak, bitxiak eta iruditzen zitzaien guztia lapurtu zuten.
Bestalde, Jose Joakinen ama bizpahiru egun espetxeratua egon zen Udaletxeko ziegetan, bere seme alabak non zeuden esaten ez zuelako. Haren semea Juan Jose, basoan ezkutatu zen, gerrako frontera eraman nahi izan zutelako, eta alaba Kontxa, berriz, Errenderiko baserri batean ezkutatu zen, Emakume Abertzale Batzako mitinen batean parte hartu izan zuelako.
Kontxaren bila ibili ziren, burua kaskamotz utzi eta herrian ikusgai jarri, umiliatu eta bere ohorea suntzitzeko asmoarekin.
Bitartean, Jose Joakinen aita bere idi parearekin joan behar izan zuen, fronte inguruan harresi bat erikitzera. Egurbide baserriko egoera gerra garaian, beste baserri eta etxe askotan bezala, oso latza izan zen, eta pairatu beharrekoak oso gogorrak izan ziren.
(Biografia hau senitartekoen laguntzari esker egin ahal izan da)
Webgune honen edukiak zuzendu edo gehitu nahi badituzu gurekin harremanetan jar zaitezke. Proiektu hau zure laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke.
Harremana