Proiektua

Azken urteetan zehar, Gerra Zibila eta ondorengo diktadura frankistari dagozkion ikerketak gauzatu dira euskal geografia osoan zehar memoria historikoa berreskuratzeko asmoz. Tokian toki, instituzio publikoek, ekimen-pribatu zein partikularrek bultzatu dituzte ikerketa horiek, garatu ahal izateko leku bakoitzeko baldintza materialen araberako prozedurak erabili direlarik. Aplikatutako metodologiak gora-behera, Hego Euskal Herriko historia garaikidean berebiziko garrantzia izan duen garaia ahanzturatik berreskuratu ahal izan da. Izan ere, Gerra Zibilean eta Frankismoan gertatutakoa ezagutu eta ezagutaraztea funtsezkoa da Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatarien Bulegoak ezarritako oinarrizko eskubideak osatzeko. Honakoak dira oinarrizko eskubide horiek: Egia Jakiteko EskubideaJustiziarako Eskubidea eta Erreparaziorako Eskubidea.

 

Horri dagokionez, Aranzadi Zientzia Elkarteak Hego Euskal Herriko udalerri ezberdinetan Gerra Zibilean eta Frankismoan gertatutakoa aztertzeko hainbat ikerketa historiko eta proiektu gauzatu ditu. Bien bitartean, geografia espainiar osoko 300 hobi komunetatik 5.000 gorpu hobitik atera eta berreskuratu ahal izan ditu metodologia arkeologikoaren bitartez. Lan hauen helburua Hego Euskal Herriko txoko guztietako gertakari beliko eta politikoak zein herri bakoitzean gatazka armatuak eta ondorengo diktadurak zein ondorio eduki izan zituen ezagutzea da. Oinarrizko helburua, ordea, giza faktorean sakontzea da. Horretarako ikerketa guztietan – proiektu honetan barne – testigantzak jaso dira garai hura bizi izan zutenei edota gerraren ondorioz hil edo errepresioa jasan zutenen zuzeneko senideei. Izan ere, Gerra Zibilean eta Frankismoan gertatutakoa ezagutzeko ez da aski narrazio historiko orokorra eratzea edota ondare higiezinen aztarnen garrantzia azpimarratzea (adibidez Burdin Harresiarena edota Elgetako lubakiena). Kontakizun orokorretik tokiko historiara eta historia pertsonaletara jaistea beharrezkoa da.

 

Kontuan izan behar dugu, ildo horretatik, Jon Mirena Landa Gorostiza Euskal Herriko Zuzenbide Penaleko katedradunak ezarritako pautak: gerran zehar tropa frankistek gauzatutako krimenak eta garaileek gerra ondoren egin zituztenak, ez ziren kasu isolatuak edo gerra testuinguruan gauzatutako bere onetik ateratako kasuak izan. Aitzitik, iturri historikoek nabarmentzen dutenez, krimen horiek populazio zibilaren aurkako krimentzat har daitezke, Erromako 7. Estatutuan jasotzen denaren zentzuan. Hau da:

“(…) jarrera batean inskribatutako krimenak bezala. Jarrera horiek 1. parrafoan aipatzen diren ekintzak [erailketa, sarraskia, esklabotza, deportatzioa, espetxeratzea…] dira. Populazio zibilaren aurka egitea, Estatu baten politikarekin adostasunean edo antolakunde batek eraso edo politika hori gauzatzeko adostasunean egitea.”

“Erasoaren” definizioa Krimenen elementuak deritzon dokumentu batekin osatzen da:

“Ez da beharrezkoa ekintza horiek eraso militarrak izatea. “Erasoa egiteko politika” bezala ulertzen dena ondokoa da: Estatuak edo antolakuntzak populazio zibilaren aurkako “erasoa” sustatu edo aktiboki bultzatzea.

 

Ikerketa historiko hauek gizartearen eta euskal erakundeen eskaera bati erantzuten diote, gai honi buruz dauden gabeziaz ohartarazi ondoren. Nahiz eta diktadura garaiko eta ondorengo gerra gertakizunak eta agintearen egiturak ondo ezagunak izan unibertsitatearen inguruko ikertzaileek egindako lanei esker, hauek ez dituzte biktimak gogoan hartu. Hori dela eta, egiten ari garen lanarekin milaka euskal herritar errepresaliatuei izen-abizenak jarri ahal izan dizkiegu. Hobi edo agiritegietatik (agiritegi militarrak, poliziaren agiritegiak, toki-agiritegiak, elizako agiritegiak) ateratako pertsona ezezagunak. Ubidekoa bezalako ikerketei esker tresna desberdinak garatzen dira, herritarrek eta erakundeek egia eta gertatutakoa zentsura gabe ezagutu dezaten, garaia edo egileen araberako indarkeria mota desberdinak ezkutatu gabe. Beraz, gertatutako guztiaren ezaguera orokorra eskuratzen da, egondako indarkeria guztiarena eta biktima guztiena. Parekatu gabe, baina batez ere, inor ahaztu gabe.

Horrela, web tresna honen bitartez eta Azkoitia Oroimena egitasmoarekin batera garatutako ikerketak eta hedapen jardueren bitartez, Ubideko Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera, Nazioarteko Eskubidea bete nahi du Giza Eskubideen gaian, bereak eginez EgiaJustizia eta Erreparazioaren oinarriak. Azken finean, talde-oroimenean sartzeko helburuarekin gertatutakoaren egia bilatu eta zabaldu, justizia egin erakunde publikoak garen heinean eta gure baliabideen barruan eta giza eskubide nagusienen urraketak jasan zituztenak erreparatu. Helburu nagusi horiek dira egitasmo honetan konpromiso utziezinak bihurtu direnak.

Testigantzarik edo dokumenturik gehitu dezakezu?

Webgune honen edukiak zuzendu edo gehitu nahi badituzu gurekin harremanetan jar zaitezke. Proiektu hau zure laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke.

Harremana