Oharrak:ez dago erabilgarri
Familia-harremanak:Gurasoak: Ignacio Gómez eta María Silvestra Aizpurua. Anai-arrebak: Carmen, María, Ana, Joaquín, Asunción, Eusebia, Vicente eta Manuela Gómez Aizpurua. Senarrak: Ildefonso Joaquín Rodríguez Tomé / José Arambarri Azpiazu. Semeak: Luis, Joaquín eta Pepe Rodríguez Gómez, eta José Arambarri Gómez.
Petronila Gomez Aizpurua jaiotzez zumaiarra zen, Maria Silvestra Aizpurua arrain saltzailearen eta Inazio Gomez arrantzalearen alaba. Bera ere lanbidez arrain saltzailea izan zen. Petronila Gomez Ildefonso Joakin Rodriguez Tome-rekin ezkondu zen eta hiru seme izan zituen: Luis (zaharrena), Joakin (frankistek izugarrizko jipoia eman zioten eta hilzorian utzi zuten. Petronila Gomezi bere semearen berri eman eta Gasteizera joan zen bere semea ikustera. Besotan hartu zuen semea eta han hil zitzaion: “hasta para cogerle tu hijo también eres roja” entzun behar izan zuen, ezkerreko besoarekin hartu zuelako) eta Pepe. Azkoitira lekualdatu eta alarguntzean, Jose Aranbarri “Aldako” baserrikoarekin ezkondu eta Jesus Aranbarri Gomez semea izan zuten.
Petronila Gomezi, Azkoitira frankistak sartzean, etxea hustu egin zioten goitik behera. Ordurako semeak gerran Bigarren Errepublikaren alde borrokatzen zituen. Hori gutxi ez eta, ilea moztu eta errizino olioa edatera derrigortu zuten frankistek. Horren ondoren, kalean gora eta behera paseatzera derrigortu zuten. Egoera hartan, medikua agertu zen, seguruenik Arsuaga abizena zuena, nahikoa zela esan zuen eta uzteko emakumea bakean. Petronila Gomez, “gorria” izateaz akusatu zuten frankistek eta hori aitzakiatzat hartuta jasan behar izan zuen errepresio sexuatua.
Errepresioa ez zen horrekin amaitu, diktaduran zehar ere une latzak jasan behar izan zituen. Arrain saltzailea zen eta Azkoitiko merkatuan zuen bere postua. Herritar batzuk, dirurik ez zutenean bere saltokira hurbiltzen ziren arrain eske eta Petronila Gomezek arraina ematen zien trukean dirurik jaso gabe. Herritar berdinek, dirua zutenean,beste arrain saltzailearena joaten ziren, Petronilari eskuan dirua zutela erakutsiz eta adieraziz beste arrain saltzaileari erostera zihoazela. Zor handiak utzi zizkioten Petronila Gomezi. Horrez gainera, zenbait aldiz, etxerako bidean ere frankistek jazarri egin zuten, suziriak botatzen zizkioten “gorria zela” adieraziz; korrika alde egin behar izaten zuen.
Horrek ondorio larriak izan zituen Petronila Gomezengan. Hilekoa geratu egin zitzaion eta sabela handitzen hasi zitzaion. Garai hartan, bere senarra Jose Aranbarri “Aldako” baserrikoa, Juin Torrean preso zuten (Petronila Gomez joaten zen senarrari janaria eramatera) eta frankistak hilabeteak kontatzen zizkioten Petronila Gomezi, sabela geroz eta handiago zuelako, haurdun zegoela iseka eginez “11 hilebete ja, astuen bezelakotxie euki ber den ja!” esaten zioten. Gerora, Petronila Gomez operatu eta 11 kg-ko tumorra kendu zioten.
Webgune honen edukiak zuzendu edo gehitu nahi badituzu gurekin harremanetan jar zaitezke. Proiektu hau zure laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke.
Harremana